Edukinera jo

Donostia

ZURE HIRI LAGUNA

ZERGATIK AURKEZTEN NAIZEN

Erabaki zaila

Donostiako alkate izateko aurkeztuko naiz berriro ere, eta azaldu nahi dut zer arrazoi eta sentimendutan oinarritzen den nire erabaki hori. Badakit nire lana ez dela bete-betekoa izan. Ez dut ezkutatuko. Hala ere, baieztatu dezaket, eginkizunaren zaila eta PP-EAJ oposizioko koalizioaren jarrera gorabehera, hiriak herentzia aberatsa duela. Ikusi besterik ez dago onartutako hirigintza planak; bakearen kulturarako programak; erabili gabeko baliabide ekonomikoak, hurrengo udalbatzarentzat gordeak, eta proiektu estrategikoen egoera.

Bake prozesuarekin konprometituta nago eta, duen bilakaera duela, neure ahalegin eta eskarmentua eskaini nahi ditut, biktimak ahaztu gabe askatasuna irabazteko beharra duten herritarrek balio humano demokratikoak berreskura ditzaten. Ez da ontzia abandonatzeko garaia.

Etxebizitza arloko gizarte arazo larriari dagokionez, azken lau urteotan bideratu ditugun espediente luzeei esker, esku-hartze berriak egin ahal izango dira, bizitokiak sortzeko antolamendu iraunkor eta kalitate handiko baten barruan. Erriberak, Herrera, Nerecan, Morlans, San Bartolome, Pagola, Auditz-Akular, Txomin, Antondegi, e.a. ditugu horren adibide. Orain lanaren emaitzak biltzeko garaia da. Zazpi urtean,ia 10.500 etxe-bizitza babestu egingo ditugu, azkar eta erabakitasunez. Erdiak alokatzekoak izango dira eta %10, tasatuak.

Harro esan dezaket baditugula 50 proiektu estrategiko baino gehiago definituta, gauzatze fase desberdinetan daudenak. Hona hemen horietako batzuk: Zabalgune berrietarako kalitateko hirigintza planak, babestutako etxebizitzak egitea aurreikusten dutenak, Donostia gaztetzearren; auzoak guztiz biziberritzea; ingurumenaren arloko iraunkortasun politikak; metamorfosi kulturala; adinekoentzako eta marjinazio arazoak dituzten sektoreentzako gizarte zerbitzuen sareak; garraio eta komunikazio azpiegiturak, eta enpresa eta sektore berritzaileak erakarri eta garatzeko programak.

Datozen lau urteak sekulakoak izango dira Donostiarentzat. Izan ere, “berpizkunde”-rako oinarriak jarrita daude jada eta badago “bidai-orri” bat prestatua, “Donostia-San Sebastián 2013” Adierazpen Zibikoan jasoa. Uste osoa daukat hiriaren gaitasunetan eta donostiarrengan. Haiei esker, errazagoa izango da Donostia eraldatzea -badaramatzagu urte batzuk ahalegin horretan-. Hona hemen aldaketa hori ekarriko duten proiektuetako batzuk: San Telmo; Victoria Eugenia antzokia; Tabako Fabrika; Aquariuma; hiriko tranbia; Altzan eta Intxaurrondon topoari beste trazatu bat ematea eta geltoki berriak jartzea; lastertasun handiko trena Atotxako geltokiraino iristea; Urumea ibaiaren gaineko zubiak; Monpasetik Sagueserako zubia; Kristinaenea, Ametzagańa eta Oroimenaren Lorategia parkeak; garraio geltoki intermodala, eta Turismoko Plan Zuzentzailea. Eta hori guztia egiteko, adostasuna eta hiriko eragile politiko, sozial eta ekonomikoekin partekatutako buruzagitza izango ditugu oinarri.

Diskurtso baztertzaile, frontezale nahiz kontserbadoreen aurrean, Donostia hiri irekia eta kosmopolita izatea nahi dut, gizarte kohesioaren defentsarekin konprometitua eta aitzindaria Donostiako emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeari dagokionez. Egun, sentimendu horrek beste adierazpen bat ere badauka: hiri ekologiko eta ekonomiari, gizarteari eta ingurumenari dagokienez iraunkor baten aldeko apustu argi eta garbia, hain zuzen ere.

Hauteskundeetara aurkezteko erabakiak, higaduraren eta egindako okerren jakitun hartu dudanak, PSE-EEk egindako eskaera aho batekoari erantzuten dio, bai eta herritar asko alde azalduko dela uste izateari ere. Uste osoa daukat Donostiaren etorkizunean, eta seguru nago hiri-eredu humanoago, kultuago, berritzaileago eta parte-hartzaileago batekiko konpromisoa zabaldu egingo dela.

Proiektu Estrategikoak errealitate bihurtzeko -bizi proiektuak dira pertsonentzat- eta hirien ametsak gauzatzeko, Donostiaren interesak defendatu behar dira eta jarrera alderdikoiak albo batera utzi. Donostiak aurrera egingo badu, eztabaida luze antzuak eta jarrera immobilistak gainditu behar dira, gardentasuna izanik abiapuntu, aurrerapena bultzatuz eta mentalitate metropolitar batean oinarriturik.

ODÓN ELORZA
Donostiako Alkatea

  • Postaz bozkatu
  • Kanpainaren bideoak
  • Multimedia
  • Hauteskunde Programa
  • Donostia, Klima-aldaketari aurre egiten dion Hiri Ekologikoa